Haur eta lehen hezkuntzako arlorik garrantzitsuenetariko bat hizkuntza da eta hizkuntza lantzeko oinarrizko elementua IPUINA!!! marquee>

2011/10/31

AZERIA eta OTSOA

Azeria basoko animaliarik zoliena da, azkarrena. Ondo baino hobeto daki goseari ihes egiten. Erbiari ez bada, oiloari egingo dio kolpe eta draust, barrura.

Ba badiotsuet, behin azeria bazkaldu berri zegoen, hiru oilo gihartsu jan berri. Eta, hainbeste jan ondoren, badakizue, egarri. Ura non aurkituko eta komentu batean sartu zen isil-isilik. Arretaz, fraileak ez esnatzeko. Putzura hurbildu zen eta putzuan galdara bat aurkitu zuen hutsik. Galdara hari lotuta soka bat eta sokaren beste muturrean beste galdara bat uretan igeri. Putzuan ura eta azeriak eztarria siku... Egarriak bultzatuta, azeria galdaran sartu eta uretara egin zuen salto. Plasta! Eta beheko galdara, zazta, gora. Baina ustegabean azeria preso geratu zen, putzutik atera ezinik. Azeria uluka hasi zen, laguntza eske norbaiti deika.
Ingurura nor hurbilduko eta... sekula ez zenuke asmatuko nor hurbildu zen... Ba, bai, otsoa. Zuek bai azkarrak gero! Hura ere gose. Eta badakizue otsoa animalia basatia eta jatuna dela osoooo jatuna. Aurrean harrapatzen duen guztia, taka, irentsi egiten du. Putzura gerturatu zenean, azeria ikusi zuen barruan eta harritu egin zen.
-“Zer egiten duzu hor barruan?”, galdetu zion.
-“Oilo eder batzuk jan. Etorri, zuretzat ere badago eta”.
Otsoa itsututa zegoen gosearen goseaz eta galdaran sartuta putzura egin zuen jauzi. Imajinatzen duzue, ezta?: otsoa putzuaren sakonera zihoan bitartean azeria gorantza. Azeriak ziria sartu zion, berriro ere. Orain otso iñuzentea zegoen putzuaren barruan. Gau osoa eman zuen han, ingurura ez zelako inor hurbildu.
Egunsentian fraileak joan ziren uretan. Galdara bestetan baino astunago zegoela ikusita, astoari lotu zioten soka. Hura ezustekoa! Galdararen barruan otsoa. Eta badakizue. Historio hauek beti amaitzen dute berdin: Azeria ase eta otsoa bero: A ze egurtua hartu zuena!

web orrialdea

No hay comentarios:

Publicar un comentario